Total de visualitzacions de pàgina:

dimecres, 16 de juliol del 2014

Imanol, bizi-bizirik

Hamar urte igaro dira Imanol Larzabal kantariaren ahotsa itzali zenetik; ezagutu zutenek ezin ahaz dezakete musikarako zuen dohain paregabea, ezta bere usteak jarraitzeagatik jasan zuen bizimodu zaila.


    • Imanol euskal kultura eta hizkuntzaren defendatzaile bilakatu zen protesta kantuaren bidez.
    Atzera begiratzea oraindik ere mingarri egiten bazaie, ezagutu zutenek samurtasunez hitz egiten dute berari buruz. Jada hamar urte dira Imanol Larzabalen (Donostia, 1947-Orihuela, 2004) ahotsa itzali zenetik, baina hurbileko adiskideek ezin ahaz dezakete haren gizatasuna. Bat datoz bizimodu zaila izan zuela nabarmentzean; izan ere, Imanol -abizenik gabe ezagunagoa baita- erbestean bizi izan zen behin baino gehiagotan, hainbat modutara pairatutako jazarpena dela eta. Euskal kantugintzari egindako ekarpen errepikaezinaz gain, besteen iritziekiko agertzen zuen begirunea goraipatzen dute bere hurrenekoak. “Gauza guztien gainetik izugarri pertsona ona zen, ia onegia mundu honetarako”, gogoratzen du Iñaki Eizmendi euskal abeslariak.




    Delineatzaile ikasketak egin bazituen ere, laster ohartu zen Imanol musikarako zuen senaz. 1964an hasi zen abesten, Mikel Etxegarayezizenaz kaleratutako disko baten bidez. Bere ibilbidea etenda gelditu zen hiru urte beranduago, ETAren kolabora-tzaile bihurtu zenean. Banda armatuaren partaide izatea egotzita sei hilabete eman zituen Martuteneko espetxean 1968an. Ondoren, lehen erbestealdia etorri zen; Baiona, Bordele eta Paris izan zituen bizitoki, Frantzian zehar hainbat errezitaldi eskaini zituen bitartean. Garai hartan kaleratu zituenOrain borrokarenean edota Herriak ez du barkatuko bezalako lanak. 1977an, amnistiaren ondoren, Euskal Herrira itzuli zen eta banda armatuarekin zuen lotura hautsi arren, euskal kultura eta hizkuntzaren defendatzaile sutsua bilakatu zen protesta kantuaren sinbolo gisa.
    BIZIMODU ZAILA Ia hamarkada bat beranduago, 1985an, Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoen ihesaldiarekin nahasi zuten, Imanolek Martutenen emandako kontzertu baten ostean bozgorailuetan ezkutatuta ihes egin baitzuten. Atxilotua izan zen arren, gauzak argitu ostean askatu egin zuten kantari donostiarra. Hurrengo urtean, Yoyes etakide ohiaren omenaldiko kontzertuan parte hartu zuen eta, ordutik, gauzak erabat aldatu ziren Imanolentzat. “Bere ekitaldi profesionalean inflexio-puntu bat izan zen. Ordura arte kantaldietan eta diska lanetan abeslari ugarienetakoa izan zen; bat-batean hori aldatu egin zen. Kontzertu hartan parte hartu izanaren ondorioa zirkuitoetatik kanpo gelditzea izan zen. Gaizki hartu zuen, bere lanbidea bere bizi-tza ulertzeko modua baitzen. Horrek hutsunea eta zailtasunak ekarri zizkion, baita harremanetan ere, klandestinitatera kondenatu baitzuten”, Eizmendiren esanetan.
    Bere publikoaren zati baten boikota jasan behar izan zuen kontzertu hartan parte hartzeagatik; bitartean, bere diskoen salmentak progresiboki jaitsi ziren. Mehatxuak eta erasoak jasan zituen garai hartan. Eizmendiren esanetan, “ezin zen edozein lekutara joan edota kalean lasai asko ibili. Gizon handia zen, ia bi metrotakoa, beraz oso erraza zen berarengan erreparatzea; toki lasaiak, periferikoak, bilatu behar ziren berarekin egon ahal izateko”. Jazarpena areagotzearekin bat, 1989an lagun talde batek Imanoli bere babesa erakusteko kontzertu bat antolatzea erabaki zuen. Todos contra el miedoizenarekin, Javier Krahe, Joaquín Sabina, Paco Ibañez edota Urko abeslariek parte hartu zuten. Manifestu bat atera zen, milaka sinadurarekin; hala nola, Antton Valverde, Gabriel Celaya, Lourdes Iriondo edota Xabier Leteren izenekin.
    Hurrengo hilabetean, Aita Barandiaranen jaiotzaren omenezko kon-tzertua prestatu zen Ataunen. Prin-tzipioz hainbat kantarik parte hartu behar bazuten ere, azkenik, Imanolek, Antton Valverdek eta Bitoriano Gandiagak baino ez zuten kantatu. “Abeslari bat egon zen -ez dut izenik esango- banan-banan musikari denak deitu zituena Imanolek saio horretan partu hartu behar zuela esanez eta harekin eszenatokia konpartitu behar ez zela ohartaraziz”, salatzen du Txema Garcesek, Imanolekin batera hainbatetan ibilitako musikaria, konpositore eta baxu-jotzaileak. Izan ere, disidenteekin solidario izan nahian edota musikarekin zerikusirik ez duen kontuetan ez nahasteagatik parte hartzeari uko egin zioten hasiera batean kantatzera konprometitu ziren gehienek.
    Geroztik, Imanolen kontrako erasoak indartuz joan ziren, heriotza-mehatxuak areagotuz eta aliantzak murriztuz. “Behin, errefuxiatu euskaldunentzako kontzertu bat eskaini genuen Parisen, gainezka zegoen. Bi egun beranduago, Madrilen izan ginen CC.OO.-en egoitzan jarduteko; heldu ginenean, eraikinaren aurrealdean Imanolen izena zegoen margotuta jomugatzat. Horrelakoxea zen bere bizitza”, adierazten du Garcesek. Gora-behera horietan oinarritu zen kantari donostiarraren bizimodu zaila hurrengo urteetan.
    Azkenerako, Donostian gelditzeko inongo loturarik ez zuela erabaki zuen 1999an bere ama hil zenean. Urte bete beranduago mediterraneoranzko bidea hartu eta Torreviejara joan zen bizitzera. Garcesen esanetan, “lehenik eta behin frankismoarengatik, ondoren ETAren presioengatik eta, azkenik, komunikabideengatik ezagutu zuen erbestea”. Izan ere, Garcesen ustez komunikabideen aldetik bidegabeko tratua jaso zuen Imanolek. “Prentsaurreko bat eskaini zuenAusencia (2000) diskoa aurkezteko, inoiz baino hedabide gehiago egon ziren, hain zuzen ere Euskal Herritik ihesi egin behar zuela zioten berriek sortutako morboa dela-eta”. Hurrengo urteotan noizbehinka itzuli zen, baina gehienbat kanpoko eszenatokietan jardun zuen. Ekainaren 25ean hil zen, Orihuelako ospitalean, buruko odol-isuri bat zela eta.
    EUSKALDUN HETERODOXOA Lehen omenaldia 2004ko udazkenean egin zioten, eta Imanoli buruzko iritzi ezberdinak baldin bazeuden ere, nolabaiteko elkartasuna transmiti-tzea lortu zen. Gorka Knörr, Urko, Amaia Zubiria, Santi Giménez eta beste hainbatek parte hartu zutenAusencia abestiarekin bukatu zen saioan. Ordutik, Imanol Oroituz kolektiboak urtero ospatu du kantaria gogoratzeko jaialdi bat, non gero eta babes gehiago lortzen diren. “Adiskidetasunean izugarri gozoa zen eta lagun asko zituen; toki, pentsaera eta sentsibilitate arras diferenteetakoak”, azaltzen du Eizmendik. “Arerioak ere izan zituen; baina herri honetan zeinek ez? Hemen edo batean zaude edo bestean. Eta zauden tokitik bestera baldin bazoaz beste aldekoak bereganatzen ahalegintzen dira; hori gertatu zitzaion, nahiz eta garbi asko adierazi zuen ez zuela pendularki ibili nahi, bera kantari bat zela eta kantagintzatik bizi nahi zuela”.
    Testuingurua edozein zelarik ere, Imanolek bere uste ideologikoak defendatu zituen, norgehiagoka bilatu gabe eta errespetua aldarrikatuz, berarentzat eta besteentzat. Horrela mintzo zen 1989an eskainitako elkarrizketa batean: “Gurea dena defendatu behar dugu; kultura, hizkuntza, maite dugun hori guztia, eta, era berean, besteengana hurbiltzen saiatu behar gara, baliotsutik zer duten erakuts diezaguten. Herri honek autodeterminazio desira oso biziki sentitzen du eta hori baldin bada mundu guztiak nahi duena, nik nire herriaren desira dena onartzen dut”.
    Bere ikuspuntu aurrerakoia ez zuen atseginez hartu abertzaleen sektore handi batek; hortik etorri ziren arazoak. “Imanol ez zen nazionalista, nolabait esateko internazionalista zen. Garai hartan nazionalistek baino ezin zezaketen lan egin eta bere kontzertuak eduki; izan ere, zein talde edo kantari euskaldun ez zen nazionalista? Bera zen salbuespena eta hori krimen bat bezala ikusten zen, traidorea bailitzan. Imanolek ez zuen aurpegia ematen, errespetatu zezaten baino ez zuen nahi”, adierazten du Garcesek.
    Antzeko ustea du Eizmendik: “Heterodoxo bat zen, berak mundua beste modu batera ulertzen zuen eta aber-tzaletasuna zein herri honenganako lotura oso erraietatik bizi zuen bezala, modu diferente batean zeraman; baina dudarik gabe herri honengan sinesten zuen gauza guztien gainetik. Dena den, luzarora oso bigarren edo hirugarren mailara pasa zuen ikusmolde hau, berak bere bilakaera pertsonal batean lirismo eta estetikotasun batean jarraitu zuen; hein handi batean herri honenganako lotura zernolakoa izan zitekeen hausnar-tzen eta aurrera segitzen”. Eta, gaur egun, behar bezala aintzat hartzen ote da Imanolek utzitako ondarea? “Euskal kantugintza ezagutzen duenak bai; oraindik herri mailako sentsibilitate batean oso presente dago eta jendeak oraindik bizi-bizirik senti-tzen du Imanol”.

    Cap comentari:

    Publica un comentari a l'entrada