Total de visualitzacions de pàgina:

dilluns, 30 de desembre del 2013

Sagardotegia, txotxik gabe

Duela berrehun urteko sagardotegi zahar bat irudikatzen ari dira Donostian, egunotan. Hiriak sagardogintzan izan zuen garrantzia aldarrikatu nahi dute; gaur eguerdira arte egongo da zabalik.

ILARGI AGIRRE DONOSTIA
Sagardo dastatze gidatua eta bola erakustaldia egongo dira gaur, Donostiako Bretxan jarri duten sagardotegi zaharrean. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Edandako basoak upeletan apuntatzen dituzte, iraganean bezala. / A. C./ ARP
San Tomas egunean, sagardotegietatik sagardoa jaisten zen hiriburura saltzeko, eta aurretik dastatze moduko bat egiten zen,apurua deitzen zena. Garai bateko ohitura zahar horiek berreskuratu nahi izan ditugu». Arantxa Eguzkiza Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakariak halaxe azaldu du egunotan Donostiako Bretxan jarri duten sagardotegia. XIX. mendera egin dute jauzi, eta garai hartako sagardotegi bat ezagutzeko aukera izan dute han bildu direnek, Sagardo Apurua egitasmoaren barnean. Donostiak sagardo munduan zuen garrantzia aldarrikatu nahi izan dute hala, garai batean sagardotegi asko baitzeuden hirian. Bide batez, 2014ko sagardo garaia ere ireki dute. Gaur eguerdira arte egongo da zabalik sagardotegia. 

Aldea badago gaur egungo eta duela bi mendeko sagardotegi baten artean. Barrura sartzen den edonor ohartzen da. Ez dago, adibidez, txotxik. «Txotxak 55 urte dauzka. Lehenago basoan saltzen zen sagardoa». Hala, upel zahar batzuen ondoan, bi emakume ari dira edan nahi dutenei basoan sagardoa ateratzen. Horman dagoen bideoak duela bi mende sagardoa nola egiten zen erakusten du, eta argazki zaharrak eta azalpenak ere badaude. 1828an Donostian egunean pertsonako hiru litro sagardo edaten zirela jartzen du batean.

Baserritar jantzita daude guztiak. Mahaian eserita karta jokoan ari den gizon kuadrilla bat ere bai. Sagardozaleak dira, jendea erakartzeko egonean. «Musean eta bertsotan dabiltza. Bazkaria dago jokoan», dio Julen Garmendiak, partidari begira. «Hemengo hau sagardotegi batekoa da, eta horkoa, beste batekoa. Ni ez naiz sagardozalea, baina bazkaltzera banoa. Ez dakit nora, egia esan».

Batetik bestera jendea dabil sagardoa edan eta ikusmiran. Euro batean bi baso sagardo eskaintzen dituzte. Trikitilarien musikak giroa alaitzen du kanpoan, eta japoniar batzuk argazkiak egiteko geratu dira, erabat txundituta. Madrildik etorri da Donostiara egun batzuk pasatzera Raquel Lechuga. «Goizean San Telmo museoan egon gara, eta orain honekin egin dugu topo», dio sagardo basoa eskuan duela. «Ederra dago», tragoa edanez. Astigarragara (Gipuzkoa) joateko informazioa bilatzen ere aritu direla dio, baina ez dakiela denborarik izango ote duten. 

Duela berrehun urteko sagardotegiek bolatokia eta toka ere izaten zituzten alboan, eta Donostiakoan ere jarri dute. Eguzkizak azaldu du apustuak egiten zituztela, askotan, bolatokian, eta galtzen zuenak erronda ordaintzeko ohitura zuela. Jende asko behintzat bildu du Bolazale Federazioak kalean jarritako bolatoki ibiltariak. Mutiko bat dabil izugarrizko kontzentrazio aurpegiarekin bola hartu eta egurrezko pirletara botatzen. Ingurukoek animatu egiten dute. Hantxe daude Xabier Oliden eta Juan Mari Zurutuza ere. «Goizetik gabiltza hemen, eta ez dakit hitz egiteko moduan gauden. Dagoeneko zazpi-zortzi edalontzi edan ditugu», dio Zurutuzak. Sagardotegia jartzea oso ideia ona iruditzen zaiela gaineratu dute. «Boloetara jolastu nahi genuen, baina ez digute utzi», dio Olidenek, txantxetan.

Bola erakustaldia

Bolazale Federazioko kide Jose Mari Etxebestek azaldu du kirol hau berreskuratzeko helburuarekin lan egiten dutela, urteen poderioz galtzen joan baita. Gazteei erakutsi, eta eskola kirol gisa sartzeko asmoa dute. «Jendea oso gustura ari da probatzen. Indarra baino, teknika da garrantzitsuagoa». 

Bola erakustaldia egongo da gaur, 12:30etik aurrera. Horrez gain, sagardo dastatze gidatua egingo dute, 11:00etan. Jan-edanerako aukera ez da faltako goizean. Sagardoarekin batera, pintxoak jarriko dituzte salgai, eta Ostalaritzako Elkartearekin bakailao pintxoen lehiaketa antolatu dute. Parte Zaharreko hamar tabernak parte hartu dute, eta gaur erabakiko dute irabazlea, jendearen puntuaziorekin.


dissabte, 21 de desembre del 2013

BERNARDO ATXAGA. 


«Oihartzunei heldu diet»


Arriskua hartu duela badaki Bernardo Atxagak. Nahasi egin ditu biografia, eleberria eta kronika eta liburu hibrido bat sortu du. Ez du horrek kezkatzen, ordea. Dioenez, bere egia bildu du 'Nevadako Egunak' lanean.
IÑIGO ASTIZ GASTEIZ

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Bueltan etorri zaio idatzi eta bizitakoa Joseba Irazuri (Asteasu, 1951). Bernardo Atxagari. Basamortura joan, eta bere buruarekin egin du topo. Isiltasunean, aurrez esandako guztien oihartzuna jaso du. Hizketan hasi zaizkio barruko fantasmak, eta horregatik agertu zaio Obaba Nevadako desertuan. Urtebete eman zuen Renon (AEB), eta han jasotako inpresioak bildu ditu orain Nevadako egunak liburuan. Erabat eleberri ez den eleberri bat da emaitza, hibrido bat: erdi biografia, erdi kronika, erdi eleberri. Ez du etiketatzeak askorik kezkatzen. Jauzi egiten du berak ere definizio batetik bestera: orain biografia, orain eleberri, orain kronika. Liburuan bera dagoela da garrantzitsuena. Hori dio. Bere buruarentzat aritu dela, eta gero eta gehiago aritzen dela bere buruarentzat. «Neureago da liburu hau Obabakoak baino, edo Gizona bere bakardadean baino. Badauka poema liburuen egia hori».

Zure aurreko lanean Obaba utzita beste bide bat hartu zenuen, orain bueltatu egin zara mundu hartara.

Zazpi etxe Frantzian urrundu egiten zen Obabako mundutik, baina ez bere egitura sakonean. Pertsonaiek erabaki zuten aldea. Batean nekazari munduko pertsonaiak ageri ziren, eta bestean militarrak, baina egitura sakona berdina zen. Obaba da leku isolatu bat, trenbidea da irtenbide bakarra. Eta Yangambin irtenbide bakarra da ibaia. Biak dira irteera bakarreko mundu itxiak. Azpian dagoen aritmetika hori berdina da; aldatzen dira pertsonaiak. Nevadako egunak-en kasuan, egiturak badu antza Obabakoak lanarekin, baina hemen dagoen jarduna sakonagoa da. Gaiak sakonagoak dira. Alde biografikoa dute liburu guztiek, baina hemen nabarmenagoa da. Hemen aldatzen dena ez da hainbeste egitura, ez aritmetika; kasu honetan aldatzen da nik egindako gaiei buruzko gogoeta poetikoa.


Obabakoak-eko pertsonaia batzuk errepikatzen dira. Obaba ageri da berriz, baina bestelako Obaba bat da.



Kasu bat aipatuko dizut. Liburu honetan berriro heldu diot Obabakoak-en azaltzen zen gai eta pertsonaia bati. Berriz agertzen da bere burua hiltzen duen Francisco Javier izeneko ume autista.Obabakoak-en hari buruz idatzi nuenean draman zentratu nuen gogoeta. Drama zen gaia. Leku haietan halako ume batek bukaera txarra du. Kasu honetan istorio bera hartzen dut, baina gaia ez da drama, baizik eta narratzailearen indiferentzia heriotza horrekiko. Liburuaren amaiera aldera Yeatsen Man and the echo poemaren aipamena dator (Gizona eta oihartzuna). Oihartzunak bueltan ekartzen dizu egindakoa. Eta liburu honetan gai guztiek oihartzunak ekarri dizkidate. Zu bizi izan zara eta oihartzunak ekartzen dizkizu gai zaharrak. Eta jasotzen dituzunean beste bat zara, eta beste tratamendu bat duzu, eta orduan konturatzen zara han gai nagusia ez zela umearen heriotza, baizik eta bestearen erabateko indiferentzia. Gai horiek hor gelditzen dira. Nik hemen oihartzunei heldu diet, bizi izandakoaren oihartzunari gehi Nevadari.



Liburu hasiera aldera laburbildu duzu zure asmoa. «Thriller-ek traszendenteak ematen zuten garaia joan da. Benetako gaia beste bat da orain (...): gupidaren eta justiziaren artean, zer harreman behar da?».



Hala da bai. Eta justizia eta gupida lotuta dago munstroarekin. Nik munstroa deitzen diot batez ere heriotzaren ardurarik gabe jokatzen duenari. Ez bakarrik horri, baina batez ere horri. Nik liburu honetan atera ditut soldaduak, eta gerra, eta Paulino Uzkudun... Munstroak daude, eta horien aurrean dago justiziaren eta gupidaren arteko kinka, hori da hari bat eta hor oreka bat egon daiteke, baina ez dago soluziorik. Hori da azpiko gai handi bat. Ankerkeria dago. Munstroa eta gaiztakeria.



Zure alabak eskolan pistola hitzak faltan zituen bokalak betetzen jarri zituztela kontatzen duzu.



Munstroak agian gure munduan betidanik daude, eta agian dira heriotzaren ardurarik gabe jokatzen dutenak. Heriotzaren ardurarik gabe jokatzen denetan beti dago munstrokeria bat, eta hori gure bizimodu, balio, nortasun eta zeremonia guztien barruan dago. Igual erdarazko bertsioan gehiago landuko dut gogoeta hori, baina iruditzen zait biolentoa eta pederasta direla gure munduko bi prometeoak. Mary Shelleyk bere liburuan Frankenstein deitzen zuen prometeo berria, eta esaten zuen garai berrietako izaki berria zela. Nire hipotesia hori da. Garai berrietako izaki berrietariko bat dela biolentoa, eta bestea dela pederasta. Nevadan ikusi nuen eskolan nola egiten zuten pistola, tankeak, gerra eta armadaren gorespena.



Gupida eta justizia. Euskal Herrian bizi da bi gai horien inguruko eztabaida, baina euskal gatazkaren arrastorik ez dago zure liburuan.



Batetik, asko idatzi dut horri buruz, eta bestetik, denok nahi dugu irakurle bat irakurritakoa hausnarrean ibiliko duena. Gupidaren eta justiziaren gaia gaur egun Euskal Herrian da funtsezkoa, eta umeek denek nahi dute preso daudenak kartzelatik ateratzea. Gupidak eta erlijio guztietan dagoen dekalogoak hori agintzen du. Baina gero dago Estatua esaten duena hori egin behar dela, baina egin behar dela protokolo batekin, zeremonia batekin, hierarkizazio batekin... Hori ere liburuko gaia da, eta nik uste dut Euskal Herriaz pentsatu nahi duenak aurki ditzakeela gogoetak horretarako liburu honetan ere.



Reader's Digest irakurtzen ageri den zure amaren erretratuan bada Euskal Herriari buruzko gogoeta bat.



Leku pobreetan bizi izan direnak hiltzen dira, eta ez dakite zer daramaten latente, zer izango liratekeen. Eta egiten dut Marcel Schwobi buruzko erreferentzia bat aipatzean umeen gurutzada. Nik dakidala inork ez du behin ere planteatu hori. Agian inork ere ez du ikusi, idazleak ez direlako izan mendikoak ni bezala, baizik eta hirikoak. Umeen gurutzada hori da: milaka eta milaka eta milaka ume, iruditzen zait ikusi egiten ditudala beren baserrietatik ateratzen eta joaten Deriora eta Donostiako seminariora eta Saturrarango komentura... Tragedia bat iruditzen zait. Jose Maria Satrustegiri buruzko testu bat ere bazetorren liburuan, baina azkenean kendu egin dut. Gizon hark bazuen ahalmen poetiko bat, eta harekin hitz egin eta pentsatzen nuen beste gizarte batean, ez balitz jaio herri txiki batean, eta bere etxean ondasuna izan bazen, zer izango ote zen. Eta hori daukat nik nire gizartearen tragediarik handienen artean. Aipatzen da borroka eta kartzela, eta gure gurasoek ere pasa zuten gerra, baina tragedia hori ere bada tragedia. Isilagoa. Eta izugarrizko eragina izan du gure kulturan. Gure amak Reader's Digest irakurtzen zuen. Horraino ailegatu zen, ez zuen izan aukerarik.



Desertuko ezerezean, zure mamuekin bakarrik zaude liburuan.



Klasikoek ere hori diote. Perez Galdosek hori esaten zuen Gaztelari buruz; halako leku hutsak tormentua direla buruarentzat. Leku hutsetan ez daukazu entretenimendurik, ez euskarririk, ze azken batean gure burua beti doa entretenituz, eta entretenimendua da bizitzaren aparra. Hor zaude, eta hor bizi behar da, eta pentsamendu txarra datorkizunean irratia jarri behar da, musika entzun behar da... Horiek uxatzen dituzte ikarak eta denak, baina idazterakoan zuk jaso egin behar duzu pilota hori, eta egia da desertuak bidaltzen dituenak gehienak direla mamuak. Aparra kendu, eta zeure buruan dagoena agertzen da. Esate baterako elektrokutatuko zaldiaren pasartea gure etxeko bizitzan oso pasarte gogorra izan zen. Obabakoak-en ez nion horri aurre egin, ez nintzen gai, eta orain Nevadan, desertuarekin horri buruz idatzi dut. Daniel Sada idazle mexikarra etorri zait gogora. Berak desertuaz idazten zuen. Hala esan zidan [hizkera mexikarra imitatzen du]: «al lado del desierto todo son decorados» (desertuaren aldean, dena da dekoratua). Dekoratuan bizi gara, eta dekoratua kentzen denean hori gertatzen da.



Memoria liburu bat ere bada zurea, euskaldun batena, eta Nevadan. Nabarmena da Robert Laxalt idazlearen erreferentzia.



Montaignek esaten zuen liburu orok duela egilearen bizitzaren errepresentazio kutsu bat. Baina liburu honetan atmosfera biografikoarena ez da hor bukatzen. Nire esperientziatik abiatuta idatzi dut. Zuk zure kontzientzian badakizu non dauden puntu fuerteak. Baina ez da hori bakarrik. Liburuan aipatzen ditudan liburu denak dira memoria liburuak. Aipatzen da Laxalt, aipatzen da ere Lawrence Arabiakoa, Uzkudun, Arthur Miller... Hor dago distantzia kontu bat. Liburua autobiografia bat dela esaten denez, erabiltzen ditudan forma guztiak dira forma memorialistikoak: gutunak, egunerokoak, oroitzapenak... Eta horiek erabiltzen ditut agerian, eta ez normalean egiten den bezala, ezkutuan. Noski, beti ez dago distantzia bera esperientziatik errepresentaziora.



Ez da prestigio literario handiko genero bat memoria liburuena.



Jendeak abusatu egiten du. Egin dezakezu eguneroko bat, baina ezin diozu zeure buruari barkatu forma ez lantzea. Ezin diot dietario arrunta onartu neure buruari. Forma memorialistikoak gehi formarekiko konpromiso fuerteak eman ditzake liburu onak.



Zazpi Etxe Frantzian liburuak hemen izan duen harrera hotz egin zaizun inpresioa dut.



Nik uste dut hemen begiratzen dela prismatikoak alderantziz jarrita. Eta esaten dut bake-bakean eta mikaztasunik gabe. Ez da batere logikoa liburu horrek Euskal Herrian izan duen harrera, eta kanpoan izan duena. AEBetan atera zuten urteko libururik onenen artean, eta kanpotar bakarra zen. Ez zait gustatzen hori gertatzea, baina onartzen dut. Guk, herri txikitako idazleok, nik, [Koldo] Izagirrek eta bestek, beti egin dugu lan gure liburuetan, eta baita euskalgintzan ere. Eman ditugu hitzaldiak, atera ditugu aldizkariak, itzuli ditugu mila orrialde mila organizaziorenak, eta hori ordaindu egiten da. Gezurra badirudi ere, gure kalterako da hori. Oso aritmetika gaiztoa da. Zuk ematen dituzu 25 hitzaldi dohainik, eta jendeak pentsatzen du merkekoa zarela. Irabazi duzu ez dakit zer sari eta hurrengo egunean zaude hitzaldia ematen dohainik, eta nire esperientzia da hori kalterako dela. Gertatu dena ez da logikoa. Ez nago kexuka, ez nago minduta. Ez zait gustatzen, baina onartzen dut.



Harrerarena atera dizut, ze jakin nahi dut idaztean zure idazle izenaren zama sumatzen ote duzun.



Bai, noski. Baina liburu honekin azalduko dizut zer gertatu den. Liburu batzuek, poema liburu batzuek, esaterako, halako ziurtasun bat ematen diote egileari. Poema liburu bat idazten duzunean zuk badakizu aldez aurretik ez dela izango banpiroen istorio bat bezain saldua. Badakizu agian jende askok begiratu ere ez duela egingo soilik poesia delako, baina zuk pentsatzen duzu hori dela zure liburua, eta hor zaudela zu. Eta nik liburu honekin inpresio hori daukat. Neureago da liburu hauObabakoak baino, edo Gizona bere bakardadean baino. Badauka poema liburuen egia hori.



Orain sei urte izan zinen Renon eta orain kaleratu duzu liburua. Sufritu duzu idazterakoan?



Ez. Liburuarekin egon naiz, eta lagun izan dut, eta koaderno bat eramaten den bezala eraman dut. Idatzitako hainbat gauza kanpoan gelditu dira, eta beste asko daude zain. Badakit seguru hurrengo nobela zein izango den. Hasi nintzen liburu honetarako pieza bat idazten, eta ohartzerako 80 orrialde idatzi nituen. Egin nuen ahalegina sartzeko, baina azkenean ez nuen sartu. Liburua deituko da Argiak Albertoren buruan. Eta eguneroko ogia irabazi beharra daukagulako, ze bestela, gaur bertan horrekin nengoke.



Bizitza daramazu idazle. Beldur zara oraindik liburua kaleratu berritan?



Beti dago hor. Irakurlea dugu lagunik handiena eta irakurlea dugu etsairik handiena aldi berean. Virginia Woolf erotu egiten zen, adibidez, liburu bat ateratzen zuenean. Ezin zuen sufritu. Joan egiten zen Ingalaterratik. Patetikoa zen bere kasua, halako beldurra zion liburuen argitalpenari. Nik uste dut neurria hartu behar zaiola. Halako liburu bat egiten duzunean arriskua hartzen duzu, baina konfiantza ere badaukazu. Zuk proposamen bat egiten duzu, eta norbaitek ongi hartzen badu, poztu egiten zara. Norbaitek ez badu hartzen ongi, ba ez zara pozten, baina hartu behar da normaltasun batean. Ni gero eta gehiago ari naiz sartzen nire buruan, eta ongi dago irakurleen erantzuna, baina nire zentroa nire buruan dago. Zentroa ez diot inori pasatzen, ez diot inori uzten. Gero, noski, poza dut norbaitek zerbait gustatu zaiola esaten badit.


dissabte, 7 de desembre del 2013

KOMUNIKAZIOA


Abenduaren 21ean argitaratuko du 'Le Journal du Pays Basque'-k azken zenbakia


Hamabi urteko ibilbidea izan du Ipar Euskal Herriko kazetak. Sektoreko krisialdiak eta "boikotak" eragin du, besteak beste, hedabidea ixtera.

Kazetaren Urruñako egoitza.

Antton Etxeberri egunkariko zuzendariak eman du itxieraren berri, gaurko zenbakian argitaratutako editorialean. Haren arabera, proiektuaz "harro" daude langileak, eta "etorkizuneko erronkei modurik onenean erantzuteko" balioko du gertatutakoak.
Hedabideak inoiz baino irakurle gehiago ditu gaur egun, baina gorakada hori ez da diru sarreren isla. Etxeberriren hitzetan, krisialdi ekonomikoari gehitu behar zaio laguntza publikorik apenas jaso ez izana egunkari "txikia" izateagatik, eta baita Ipar Euskal Herriko politikariek eginiko "boikota" ere.

divendres, 6 de desembre del 2013

Sentir la cultura vasca


KIRMEN URIBe PRESENTA EN LA AZOKA DE DURANGO 'JAINKO TXIKI ETA JOSTALARI HURA'

El escritor Kirmen Uribe acudió ayer a la Feria de Durango para presentar su disco-libro y conocer las novedades de otros autores.
                      El escritor Kirmen Uribe acudió ayer a la Feria de Durango para presentar
                                       su disco-libro y conocer las novedades de otros autores. 

DURANGO
"RECUERDO que solía venir cuando tenía 14 o 15 años y compraba lo que podía", rememora con nostalgia Kirmen Uribe. Eran años en los que la Azoka de Durango no era tan amplia. "Eran toldos lo que llenaba el pabellón de Landako", explica. Desde entonces el escritor no ha faltado un solo año a esta cita anual y ha sido testigo de la evolución de un encuentro que se ha transformado en imprescindible para escritores y músicos euskaldunes.
SUS PREFERENCIAS
Disco-libro
Ayer el autor acudió a presentar Jainko txiki eta jostalari hura (Elkar), una obra que convierte en disco-libro su poesía. Lo hace con la música de Mikel Urdangarin, Rafa Rueda y Bingen Mendizabal, mientras que el artista plástico Mikel Valverde ha creado las ilustraciones. Tras presentar el trabajo en Nueva York, ayer fue el turno de Durango, donde lanzaron la obra en castellano, euskera e inglés. Para el autor es un trabajo importante: "Para mí ha sido muy bonito, y estamos muy satisfechos con el resultado. Creo que esta obra no va a defraudar a nadie".
Pero Kirmen Uribe confiesa que para él esta cita supone mucho más que presentar una obra. "Como escritor es importante venir, porque puedes establecer contacto con otros autores, y además puedes charlar con tus lectores y con gente vinculada a la cultura vasca", matiza. "Es sobre todo un lugar de encuentro para nosotros, una cita en la que incluso pueden surgir ideas para nuevas obras", añade.
Entre entrevista y entrevista para la presentación de Jainko txiki eta jostalari hura, el escritor aprovecha para hacerse con discos y libros de otros autores. Entre sus preferencias este año se encuentra Uxue Alberdi con su libro Euli giro; Koldo Izagirre y Parisen bizi naiz; o Jon Sarasua con Hiztunpolisa. Pero también opta por novedades musicales como 77, de Bide Ertzean; Bidea eta denbora, el último trabajo de Anari; o el último disco de Ruper Ordorika, Azukre Koxkorrak.
Mientras busca novedades, Kirmen Uribe hace balance y reconoce cómo ha ido creciendo la Azoka año a año. "Venía cuando era adolescente con mis amigos y era un subidón, para mí era algo realmente emocionante porque veía de cerca a quienes eran mis referentes", relata. "Durango no es una feria al uso. Por ejemplo, acabo de llegar de una feria en Miami, y allí también había muchos autores, pero aquí hay bastante más participación. Por eso Durango es mucho más que eso", reconoce el autor.
Él la define como "una manera de sentir la cultura vasca". "La Azoka es muy especial. Guardo muchos momentos especiales, como cuando saqué mi primer libro y se agotó aquí la primera edición. Ese año lo recuerdo como uno de los más importantes para mí". A este recuerdo se añade que su último libro, Bilbao-New York-Bilbao (Elkar), fue uno de los más vendidos en ediciones pasadas.
"Creo que no he faltado ni un solo año a esta cita", reconoce. Ahora quiere hacer participe de esa tradición a sus hijos. "Quiero venir con ellos y que aprecien este encuentro como lo hago yo", señala, ya que para el autor, Durango es también un lugar de inspiración para futuros trabajos. "Ahora estoy escribiendo poemas, pero me gusta ir despacio en ello", explica. Y es que para Kirmen Uribe, "la calidad siempre exige tiempo".


                                                        

recomendaciones...

· 'Parisen bizi naiz'. Koldo Izagirre. (Susa). 16 euros.
· 'Bidea eta denbora'. Anari. (Bidehuts). 12 euros.
· ´77´. Bide ertzean. (Elkar Musika). 10 euros.
· 'Euli giro'. Uxue Alberdi. (Susa). 17,50 euros.
· 'Azukre Koxkorrak'. Ruper Ordorika. (Elkar Musika). 15,95 euros.
· 'Hiztunpolisa'. Jon Sarasua. (Pamiela). 23 euros.
· 'Música en el aire'. Karmele Jaio. (Ttartalo) 13 euros.