Total de visualitzacions de pàgina:

dijous, 24 d’abril del 2014

1936ko bonbardaketak gogoratuko dituzte Gernika-Lumon eta Elgetan asteburuan


Elgetan, herritik Intxortarako igoera egingo dute ikuskizun baten bidez, eta Gernika-Lumon (Bizkaia), 'Lurra astinduz' antzezlana izango da.

Iaz, Elgetan egindako ikuskizunaren pasarte bat.
Iaz, Elgetan egindako ikuskizunaren pasarte bat.
Asteburuan Gernikako bonbardaketa oroituko dute Gernika-Lumon eta Elgetan (Gipuzkoa), besteak beste. Elgetan, gudariz eta milizianoz jantzitako hainbat lagunek herriko plazatik Intxortarako bidea egingo dute ikuskizun batekin. Horretarako, kanoia ezarriko dute, eta, guztira, 120 bat lagunek parte hartuko dute.
Igandean, herriko plazan, 10:15ean elkartuko dira gudari eta milizianoak hamarretakoa egiteko, eta 11:00etako kanpai hotsak entzundakoan abiatuko dira lubakietara. Antolatzaileek azaldu dutenez, ikuskizuna 11:30ean hastea aurreikusten dute, eta ekitaldiak ordu erdi inguru iraungo du.
Oinez egingo dute ibilbide osoa bai agintariek bai parte hartzaileek, eta bidean lore eskaintza egingo dute Salbador ermita aurrean gerrako biktima zibilen omenez dagoen oroigarrian. Ibilbidea bukatzean, lubakiak eta zenbait material ikusteko aukera emango dute.
Gainera, memoria historikoko taldeen material salmenta, trikitilariak eta txistulariak izango dira, besteak beste, herriko plazan. Ondoren, herri bazkaria egingo dute herriko kiroldegian.
Bestetik, Gernika-Lumon Karrika Durangoko antzerki taldearen Lurra astinduz ikuskizuna izango da igandean, 22:00etan. Fikziozko istorio hori benetako adierazpenekin osatu dute, eta, taldeak argitu duenez, agerraldia argiekin eta hitzekin baliatu dute, “sentimenduak eta bizipenak” agerian jartzeko.
Joxe Martin Urrutia da ikuskizunaren zuzendaria, eta haren testu batean oinarrituta dago antzezlana: "1936ko altxamenduaren eta Durangoko bonbardaketaren ostean garatzen den maitasun istorioa erakusten du". Urrutiak azpimarratu du fikziozko istorio hori gerrak zanpatutako edozein herritan koka daitekeela, "benetan gertatutako testigantzen emozioak eta pasarte txikiak" islatzen dituelako.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada