Total de visualitzacions de pàgina:

dilluns, 30 de desembre del 2013

Sagardotegia, txotxik gabe

Duela berrehun urteko sagardotegi zahar bat irudikatzen ari dira Donostian, egunotan. Hiriak sagardogintzan izan zuen garrantzia aldarrikatu nahi dute; gaur eguerdira arte egongo da zabalik.

ILARGI AGIRRE DONOSTIA
Sagardo dastatze gidatua eta bola erakustaldia egongo dira gaur, Donostiako Bretxan jarri duten sagardotegi zaharrean. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Edandako basoak upeletan apuntatzen dituzte, iraganean bezala. / A. C./ ARP
San Tomas egunean, sagardotegietatik sagardoa jaisten zen hiriburura saltzeko, eta aurretik dastatze moduko bat egiten zen,apurua deitzen zena. Garai bateko ohitura zahar horiek berreskuratu nahi izan ditugu». Arantxa Eguzkiza Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakariak halaxe azaldu du egunotan Donostiako Bretxan jarri duten sagardotegia. XIX. mendera egin dute jauzi, eta garai hartako sagardotegi bat ezagutzeko aukera izan dute han bildu direnek, Sagardo Apurua egitasmoaren barnean. Donostiak sagardo munduan zuen garrantzia aldarrikatu nahi izan dute hala, garai batean sagardotegi asko baitzeuden hirian. Bide batez, 2014ko sagardo garaia ere ireki dute. Gaur eguerdira arte egongo da zabalik sagardotegia. 

Aldea badago gaur egungo eta duela bi mendeko sagardotegi baten artean. Barrura sartzen den edonor ohartzen da. Ez dago, adibidez, txotxik. «Txotxak 55 urte dauzka. Lehenago basoan saltzen zen sagardoa». Hala, upel zahar batzuen ondoan, bi emakume ari dira edan nahi dutenei basoan sagardoa ateratzen. Horman dagoen bideoak duela bi mende sagardoa nola egiten zen erakusten du, eta argazki zaharrak eta azalpenak ere badaude. 1828an Donostian egunean pertsonako hiru litro sagardo edaten zirela jartzen du batean.

Baserritar jantzita daude guztiak. Mahaian eserita karta jokoan ari den gizon kuadrilla bat ere bai. Sagardozaleak dira, jendea erakartzeko egonean. «Musean eta bertsotan dabiltza. Bazkaria dago jokoan», dio Julen Garmendiak, partidari begira. «Hemengo hau sagardotegi batekoa da, eta horkoa, beste batekoa. Ni ez naiz sagardozalea, baina bazkaltzera banoa. Ez dakit nora, egia esan».

Batetik bestera jendea dabil sagardoa edan eta ikusmiran. Euro batean bi baso sagardo eskaintzen dituzte. Trikitilarien musikak giroa alaitzen du kanpoan, eta japoniar batzuk argazkiak egiteko geratu dira, erabat txundituta. Madrildik etorri da Donostiara egun batzuk pasatzera Raquel Lechuga. «Goizean San Telmo museoan egon gara, eta orain honekin egin dugu topo», dio sagardo basoa eskuan duela. «Ederra dago», tragoa edanez. Astigarragara (Gipuzkoa) joateko informazioa bilatzen ere aritu direla dio, baina ez dakiela denborarik izango ote duten. 

Duela berrehun urteko sagardotegiek bolatokia eta toka ere izaten zituzten alboan, eta Donostiakoan ere jarri dute. Eguzkizak azaldu du apustuak egiten zituztela, askotan, bolatokian, eta galtzen zuenak erronda ordaintzeko ohitura zuela. Jende asko behintzat bildu du Bolazale Federazioak kalean jarritako bolatoki ibiltariak. Mutiko bat dabil izugarrizko kontzentrazio aurpegiarekin bola hartu eta egurrezko pirletara botatzen. Ingurukoek animatu egiten dute. Hantxe daude Xabier Oliden eta Juan Mari Zurutuza ere. «Goizetik gabiltza hemen, eta ez dakit hitz egiteko moduan gauden. Dagoeneko zazpi-zortzi edalontzi edan ditugu», dio Zurutuzak. Sagardotegia jartzea oso ideia ona iruditzen zaiela gaineratu dute. «Boloetara jolastu nahi genuen, baina ez digute utzi», dio Olidenek, txantxetan.

Bola erakustaldia

Bolazale Federazioko kide Jose Mari Etxebestek azaldu du kirol hau berreskuratzeko helburuarekin lan egiten dutela, urteen poderioz galtzen joan baita. Gazteei erakutsi, eta eskola kirol gisa sartzeko asmoa dute. «Jendea oso gustura ari da probatzen. Indarra baino, teknika da garrantzitsuagoa». 

Bola erakustaldia egongo da gaur, 12:30etik aurrera. Horrez gain, sagardo dastatze gidatua egingo dute, 11:00etan. Jan-edanerako aukera ez da faltako goizean. Sagardoarekin batera, pintxoak jarriko dituzte salgai, eta Ostalaritzako Elkartearekin bakailao pintxoen lehiaketa antolatu dute. Parte Zaharreko hamar tabernak parte hartu dute, eta gaur erabakiko dute irabazlea, jendearen puntuaziorekin.


Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada